Istorio kontalari trebeak izatearen ospea zuten Virginiako
esklabu beltzek. Lanaldi gogorraren ostean, loari lapurturiko
orduetan, suaren ondoan elkartu eta kontu kontari aritzen
ziren, Afrika zaharreko sinismenak, kantuak belaunaldiz
belaunaldi igortzen joateko promesari eutsiz. Une horietan
sentitzen ziren beltz haiek, Virginiako zerupean, libreen...
Esklabutzari buruzko lehen testigantza haietatik berrehun
urte igaro dira. XIX. mendean gaude, Harlemen. Jean Toomer,
Langston Hughes, Rudolph Fisher... Beltzek idatziriko liburuak
barra-barra irakurtzen dira. Eta beltzek sorturiko musikak
ere, jazzak, jarraitzaile ugari ditu.
Gaur egun, Harlem ez da garai batena zena. Adituen ustez,
1929ko krisian jada hasi zen antzematen afroamerikar pizkundearen
beheraldia. Alabaina, garai hartan ereindako hazia hortxe
geratu zen, eta urtetan zehar hainbat idazle, pentsalari
zein sortzaile arduratu dira hazitik sorturiko lorea ureztatzeaz
eta zaintzeaz. Zeren Harlem amaitu zen, baina ez afroamerikarren
eskubideen defentsa. Borroka horretan pertsona ugari nabarmendu
dira, haien artean Toni Morrison bera.