Detektibeak. Zer
itxura du detektibe on batek? Kapela eta gabardina eraman
behar ditu, Philipe Marlowek bezala? Ala bibote fin kiribildua,
Hercules Poiroten moduan? Emakumea ere izan daiteke, emakume
goxo baina aldi berean begi zorrotzekoa, Marple andreñoaren
antzera. Eta izen gehiago aipa genitzake, hainbeste detektibe
oparitu baitizkigu literaturak!
Agian ez dute zinemarako jauzia egitea lortu, baina euskal
literaturan ere aurki daitezke detektibe arras gogoangarriak.
Haietarik lehena Martin Garaidi, Jose Antonio Loidiren HAMABOST
EGUN URGAINEN obran agertu zen. Gerora etorri ziren Xabier
Gereñoren Jurgi kapitaina eta kontrabandoaren inguruko
endredoak, Gotzon Garateren Jon Bidart detektibea zeinak
Euskal Herrian jazotako hamaika hilketa misteriotsu argitu
zituen. Eta ezin genezake ahantzi gazte irakurlea hainbat
urtez gozarazi duen Madame Kontxesi, Anjel Lertxundik sorturiko
etxeko-andre / detektibe martxa-zalea.
Katea ez da eten. Gaur egun ere badira lanean jarraitzen
duten detektibeak, Aingeru Epaltzaren Edu kazetari mozko
eta Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi esate baterako.