MARIE DARRIEUSSECQ
Baiona, 1969.
Parisko Goi Eskolan ikasi zuen, eta doktorego tesia prestatzen ari zela lehendabiziko nobela idatzi zuen,
Truismes izenekoa. Hogeitaka hizkuntzatara itzulia, frantsesez bakarrik 600.000 aletik gora salduak ditu dagoeneko. Haren ostean etorri ziren Mamuen jaiotzaeta urpean arnasS eta (-) Haurtxoa nobela laburra. Gaztelaniaz ere aurki ditzakegunak. Azken eleberriak, izen oso zuria dauka: White. Ospe handiko idazlea dugu Darrieussecq, eta denbora gutxian hainbat hizkuntzetara itzuli dituzte bere idatziak. Aurrerantzean, bere lana euskaraz ere irakurtzeko aukera izango dugu, Alberdaniak bere lehen eleberria Ahardikeriak izenaz kaleratu baitu

-... beti ari naiz esaldi zehatza bilatzen, eta asko idazten ditut; onak ez badira bota egiten ditut, berriro hasten naiz, eta halako batean iruditzen zait begi aurrean dudala... liburu bat, baso bat, mahai bat, gizon bat, ... hitza aurkitu dudala. Baina momentu konkretuak dira, badira hitza aurkitu gabe pasatzen diren egunak. Batzuetan aurkitzen dut, eta hori da hain zuzen nire lana, zerbait proposatzea. Klixeen aurka borroka egiten dut...

-... niretzat bakea neure buruari galderak egin gabe idatzi ahal izatea da. Bereziki, neure buruari galderak ez egiteko adina diru izateaz ari naiz, idatzi beste eginbeharrik gabe. Hori oso arraroa da idazle garenean. Azkenean itzala dugu, Frantzian behintzat. Nire liburu bat kaleratzen denean, txarrerako edo onerako, interesa agertuko duten pertsonak egongo dira beti, ez da oharkabean pasatzen, eta hori dagoeneko asko da idazle batentzat...

-... nire ustez, idazle bati eskatu behar zaion gutxienekoa, arruntak diren esaldiekin nahikoa ez izatea, behin eta berriro gaiari heltzeko modu berria bilatzea. Baina beno, horrek ere ekar ditzake arazoak... Badakit nire akatsetako bat gauzak gehiegi zailtzea dela. Senarrak sarritan esaten dit: "nahikoa da, baso bat besterik ez da", baina hala ere, basoa, olatua edo objektua beste modu batera esaten ahalegintzen naiz. Horrela lan egiten dut nik, hori baita, nire ustez, idazle baten lana, beti zerbait berriaren bila ibiltzea...

... nik dakidana egiten dut, eta egiten dudanak sentsazioekin du zerikusia, baita mundua deskribatzerakoan agertzen dudan nolabaiteko jarrera etengabearekin ere. Egia esan, iruditzen zait munduaz ari naizela, zentzu zabalean, mahai bat ukitu eta leuna eta hotza dela konturatzen garen munduaz ari naiz...

-... orain idazten ari naizenak Le Pays du izena... Herria. Sarrionandiaren poema batean ere inspiratu naiz. Hau idatzi zuen: "harriak ederragoak al dira harresian lurrean baino?! eta gogoa neukan neure buruari galdetzeko zer ote den herri bat, horrela hasten naiz beti: zer da ume bat, zer da olatu bat, zer da emakume bat, zer da gizon bat, zer da herri bat... Nire harridurarako liburu nahiko politikoa idazten ari naiz. Ez da zuzenena Euskal Herriaz ari, baina modu batean inspirazioa lortu dut mugarik eta estaturik ez duen herri bitxi horretatik. Neure buruari galdera egiten diot herri bat existitu ote litekeen herririk gabe. Saiatzen naiz existitzen ez den herri batean bizi den jendea testuan irudikatzen. Hori da gaia...

Darrieussecq-ek gomendatutako liburua:

"La supplication"

Svetlana Alexievitch.
Document Argitaletxea.