|
|
|
|
 |


|
Manuel Rivas (A Coruña, 1957) Egunkarietan argitaratu zituen lehen lanak.
Horietarik asko, liburuetan bildurik kaleratu izan ditu: Toxos e flores,
Galicia, el bonsái atlántico, El periodismo es un cuento, Galicia, Galicia...
Poesian, El pueblo de la noche eman du argitara. Baina narrazioan saiatu
da gehien, eta bertan jaso ditu saririk nabarmenenak: Un millón de vacas,
¿Qué me quieres, amor?, El lápiz del carpintero, La mano del emigrante...
Galiziako literaturak duen idazlerik ezagunenetakoa.
Liburu bat gomendatu, besterik gabe... Bai, Lautada sutan izan behar
du, Juan Rulforena. Biblia laiko baten tankera hartzen diot, giza-buztinezkoa.
Biblia-orriak dituela iruditzen zait, denbora igarotzen dutenak. Boladan
egongo da beti.
Galizia... eskura
duzun gizatasuna. Biak ditu: zeure gizatasuna da, benetakoegia da, baina
fantasia ere bada.
Uste dut pertsonajeak nahitaezko direla historia bat izatekotan. Ez
naiz idazteko gauza... Izan nezake trama, pasadizoa... Badira gidoiak,
egoerak, mozkorraldi batean nobela bikain izango direla eman baina gero
hondoa jotzen dutenak, gauza bat oso inportantea falta dutelako: pertsonajeak.
Historia lepoan hartuta aurrera eramango duena falta delako. Hitzak
bezala. Hitzek oroimena daramate lepoan hartuta. Uste dut nire liburuetan
garrantzi handiko direla pertsonajeak.
Errealismoaz hitz egiten da eta badirudi errelismo magikoaren kontra
dagoela. Zera gertatzen da, ordea, kanonaren barruan ez dagoen zerbait
idazten duzunean, araututako errealismoa ez denean, mundu arrotz batean
sartzen zara, hobi exotikoan, eta errealismo magikoaren barruan kokatzen
zaituzte. Errealismo magikoa da, nire ustez, literaturaren taxidermistek
aurreikusi ez dutena gertatzen deneko hura. Nik horren kontra egiten
dut, ez zait batere gustatzen "errealismo magikoa" delako leloa, literatura
erabiltzeko modu kolonialista iruditzen zait, ze animaliak hizketan
ari badira nobela aleman batean, ez da errealismo magikoa, baina Hego
Amerikan egiten badute, errealismo magikoa da.
Urterik
ez dago krisia ez dagoenik. Egundo baino hobeto ez gara egon. Liburua
eskolatik atera behar dugu, berriztatze bideak sortu behar ditugu .
|
| |
|
|
|

|
Galiziar,
nornahi izan liteke. Konstituzio idatzi gabeko lehen puntua da, idatzia
izatea nahiko nuke. Galiziar nornahi izan liteke. Niretzat, eskuera dudan
gizatasuna da, zentzumenen eskuera batik bat. Garrantzizkoena ez da galiziar
izatea, edo Coruñakoa, edo laborari, edo marinel... pertsonajeak dira
batez ere, nortasunaren jabe, ez dute estereotipoen jokoa egiten. Horixe
izan zen harrigarri Un millón de vacas argitaratu zenean, baita Galizian
bertan ere. Liburu errealista zen, ez ohiturazko nobela. Pertsonajeak
laborari ziren, baina ez zuten txapelarik, edo bai, baina batzuen izakera
ez zetorren bat, berez Galiziako laborariak behar omen zuen izakerarekin.
Ez zuen atzerakorik, ez zen mesfidatia, apasionatua zen, "ez du jokatzen
berez laborariak jokatu beharko lukeen bezala!", eta hiria gustatzen zitzaion,
ez landa, hiria baizik, semaforoak gustatzen zitzaizkion.
Abiapuntua
da, ez helmuga. Zera esaten dizutenean bezala: "Nik oso lasai egiten dut
lo". Eta pentsatzen dut: "Nork egin lezake lo lasai?". Uste dut begiak
irekiz gero, eta Calvinok zioen bezala, "idazleak egin behar duen lehena,
90 graduko mugimendua da, paperetik gora doana", idazlearen mugimendurik
inportanteena, zioen hark, angelu zuzen hori... lotsatuta sentitu behar
duzu, nola ez, burura datorkizun lehen galderari erantzuteko gauza bazara:
"Zer gertatzen zaio besteari?". Abiapuntua da niretzat, harrezkero erresistentzia
hasten da. Hitza gustatzen zait: berriro-esistentzia.
Kazetaritza... lur hartzea bezala da. Lanbidea kabroia da... zuri-beltzeko
filme bat bezalakoa. .. thriller bat. Badu gaiztotik, eta loriazko sasoiak
era baditu, errotatbia mugitzen ari denean. Ezerk geldiarazi ezin duena.
Konturatzen zara egunkaririk txarrena ere, isiltasuna baino hobe dela
beti ere. |
| |
|
|
|

|
Idazten
duzunean, Kafkaren pertsonaje haren ustea duzu. Goizetik zinkezko kuboa
zeramala irteten zen, hotzari kontra egiteko ikatz bila, eta inork ez
zion ikatzik ematen. Orduan, arratsaldean, kuboa hutsik zuela, haren gainera
igo eta hegan hasten zen. Niri aukera horrek liluratu egiten nau, zer
batzuek elkarren kontra jartzen dituzte aukerak. Oso errealista zarenean,
eskalea bezala bizi zara, narrastaka, eta zergatik bizi horrela, hegada
jaso eta aingeruaren dimentsioan mugitzeko modua duzunean? Horrexek liluratzen
nau ni: eskalea aingeru izan liteke.
Badago galiziar gizartean
beldurrarekin zerikusi duen osaigaia. Hemen ez zen fronteen gerra bat
izan. Hemen giza-ehiza bat izan zen. Eta galiziar gizarteko onena eratsi
egin zuten edo joan beharrean aurkitu zen. Joan diodanean erbesteaz ari
naiz eta emigrazioaz. Mendeetan zehar gazteen belaunaldi osoek alde egin
dute Galiziatik. Castelaok zioen galiziarrak ez zuela protestatzen, emigratu
egiten zuela. Eta gerraostean hemen geratu zena beldurra izan zen soilik,
eta traizioa.
Horregatik da memoria
kezka-iturri. Memoria kezka-iturri da. Berez, gara, oroitzen garenean.
Memoria... disko gogorra birusak erasota dago beti. Borratzen saiatzen
dira, atalka... Memoriaz hitz egiten dugunean, ez dugu esan nahi hormaturik
gelditu behar dugula, ainguraturik... Ze, badira memoriak bentzuturik,
identitateak bezala, azkenean pisu direnak, ikaragarria! Memoriak aurrera
egiten du lan, malenkonia aktiboaren lana egiten du, horixe da niri interesatzen
zaidana, aurrera bultzatzen zaituen neurrian. Oroitzen ari zara eta aldi
berean aurrera bultzatzen zaitu. Badago haurtzaroko irudi bat, erabakigarri
diren hiru edo lau flash horietako bat: eskailera bat, egurrezko txafla
bat duena, gure aitona-amonen etxean, tximiniatik, sutondotik logeletara
daramana. Eskaileraz bestaldera, behean, animaliak daude, entzuten, parte
hartzen bere hatsaren bidez... Nik, berez, ohean egon beharko nuke, baina
eskaileran nago, egurrezko txafla dago eta ez naute ikusten. Historia
horiek, hitz egiten dutenean, eskailera-mailak igotzen ari dira. Niretzat
horixe da memoria: eskailera-mailak.
Badago zerbait azpimarragarria
irakurleei buruz ari garela. Izan ere, irakurlea ezinbestekoa da literaturaren
arnasarako. Oso garrantzitsua da. Zentzu horretan halako iraultza antzeko
bat gertatu da gurean. Badago azkenik irakurtzen duen herri bat. Ez du
soilik militanteak irakurtzen. Aitaren etxeari eusteko behar hori ez dago.
Ez. Oraingo irakurleak gailegoz irakurtzen du, badituelako gustuko dituen
hiru-lau idazle edo liburu. Muntakoa da hori. Azken hilabeteotan, esate
baterako, oso onak diren dozena bat liburu atera da narratiban eta beste
horrenbeste poesian. Eta horixe da sintomarik onena, esan ahal izatea
azken hilabeteotan hamabi liburu on atera direla. Zerbait berezia dutenak.
Hori da garrantzitsuena. Izan ere, literatura, kultura, ez da abstrakzio
hutsa momentuan egiten ari dena baizik. Irakurtzea besterik ez dago Anton
Logoren Ganga, lehen narratiba liburua. Nik uste gaztelaniaz ez dela atera
halako ausardia duen libururik azken boladan. Esan dezakegu, beraz, bizi
dugun momentua, abstrakzioak albo batera utzita, ona dela. Ni, galiziar
irakurle gisa, asebeterik nago.
Nik sinesten dut
Joyce-ren Ulises-eko pertsonaia hark esaten duena: pertsona bakoitza nazioa
da. Egin kontu, Joyce bera azkenean izango da irlandarrena, alde egin
zuen Irlandatik, ingelesez idazten zuen baina... Euskal Herritik bereziki
deigarria egiten zaidana da nortasunarekin duen leiha horretatik zer aterako
den. Hain alderdi dramatikoak ditu leiha horrek. Eta nik uste, euskalduna
inorena ez den lurrean mugitzen badfa, "no man´s land" batean, direnik
eta gogoeta interesgarrienak egiteko gai dela. Hemen, Galizian, nortasunaren
gaia ez dugu era hain dramatikoan bizi, nahiz eta barru-barrutik sentitu.
Ortegak zioen galiziarrak eztanda egingo duela noizbait denbora luzean
isildu eta isildu ibili ondoren. Halako nihilismoa da gurea. Esan dezakegu
gehiago hausnartzen dugula, hitzaren jatorrizko zentzuan. Orduan, eta
ez dakit zuzen ibiliko naizen, baina nik uste dramatismo handia dagoela
euskaldunengan, hala espainolistengan nola nazionalistengan. Gakoa dramatismo
hori nola bideratzen den ikustea da. Ikaragarrizko tentsio apurtzailea
izan daiteke baina baita ere sortzailea. Eta, balizko etorkizunari buruz
hitz egitea gustuko ez dudan arren, esango nuke tentsio sortzailea ari
dela gaur egun gailentzen. |
| |
|
|
|
| |
PERLA
1
Txiki zenean, aitak otarre bete mandarina ekarri zuen etxera. Itsasoaren
oparia zen. Hondartza guztia, laranja kolorez esnatu zen goizean. Neskatila
zenean, itsasoak tabako gorria eta esne kondentsatua ekarri zuen. Ezkondu
behar zuen neguan, berriz, frantses txanpaina eta ontziteria osoa. Ia
urtero ematen zien itsasoak halako ustegabe bat. Azkena, iaz bertan.
Itsasoak telebista eta bideoak eskaini zizkien opari. Batzuek itxura
ona zuten eta probatu egin zituzten herriko tabernan. Gure emakumeak
koralezko irlak eta koloretako arrainak ikustea espero zuen baina, ezustean,
Bruce Lee agertu zen pantailan. Eskuaz karate kolpea jo, eta galdu egin
zen irudia.
PERLA
2
Galizia ustez atzerakoi honetan, aldatzeak balio du, benetan. Aldatze
aldera aldatu: dela autoa, etxea, erlojua, edo jaka. Eutsi, benetan
eutsi, oker tipikoei eusten diegu, eta ez naiz gaita, boneta edo garaiari
buruz ari. Eutsi, eta areago eutsi, burokraziari, konformismoari, ezberdintasunari
eta probintzialkeriari. Gailegismoak, tradizio erreformistaren osagai
delako horrek, dena barkatzen duen barniza dugu, ontzat ematen ditu
biziorik atzerakoienak ere. Gomendioak, adibidez, guztiz ontzat hartzen
dira "herri kulturaren" ezaugarri direlakoan, "herri kultura" lurrera
ttu egitea balitz bezala, hondartzak zikintzea edo autoa mozkor eginik
gidatzea.
PERLA 3
Esnatu txarrekoa zen oso. Batzuetan, orduak ematen zituen mundua onartzen.
Horregatik nahiago zuen gosaldu errepideko taberna hartan, non inor
ez baitzen atsegina. Izaki zakarrak hurbiltzen ziren bezero, begietan
biharamona zutela, eta nagusiak kafea kikaratik kanpora isurtzen zuen
barkamenik eskatu gabe. Eginez gero, barregarria zatekeen ehun kilo
baino gehiago pisatzen baitzuen. Jabez aldatu zuten. Ugazaba berriak
galderak egiten zituen irribarretsu. Ez zen geroztik itzuli.
PERLA 4
Idazlea idazle da, idazten duen neurrian. Idazten ez badu ez da idazle.
Laboraria laborari da lurra lantzen duen neurrian. Idazlea, laboraria
bezala, bizirik atera da. Hala idazleak nola laborariak, kantu sekretuak
elkarbanatzen dituzte. Mundua banaturik dago artoa ereiten duten eta
zapaltzen dutenen artean. Lurraren isiltasuna, paper zuria, surtan proban
jartzen ditu balio duena eta ez duena. Idazleak eta laborariak badakite
paradisuan lan egin beharko dela.
PERLA 5
Soldaduzkan ikasi zuen idazten. Haren sinadurak urratu egiten du, traktorearen
haizetakoan izotza zulatzen duen azkazalak bezala. Urduri jartzen du
telefonoak, atea jo gabe etxera sartzen den arrotz horrek, kaleko zapatak
soinean eta txakurrak usaindu gabe. Hitz gutxikoa da. Bizitzak jan egin
zizkion hitzak eskuak handitzen zizkion bitartean. Esku horiek putzuak
aitzurtu zituzten eta teilatuei eutsi. Jakina, horrelakoetan komeni
da ahoa ondo itxirik izatea. Hala ere, ez da gai txerria hiltzen ikusteko,
gustukoa duen okela bakarra, hobe xigortua. Ardoak merkea behar du izan,
eta zurrutada luzeak emanez edaten duenean inoiz kontatuko ez duen ipuina
irensten laguntzen diola pentsatzen dut. Tximiniko su-lamei begiratzen
dionean elurra zeharkatzen duen tren batean doa. Helduko nioke eskutik,
izan ere geure aita da, baina maitasuna erakusteak otso baten uluak
bezainbat ikaratzen du.
|